Liburua entregatzeko argitaletxearekin adostutako epea agortzen ari da eta ez dago libururik. Ismael noraezean dabil, ez aitzin ez gibel, editore gupidagabea atzetik zirika duela.
Emakume baten buru-bihotzetan sartzeko eginahalak egin ditu debalde, bere bizitzako eleberria idazteko grinak bultzatua, baina andrazko baten sentimenduak nahiz bizipenak adierazteko ezintasunak gainezka egin dio.
Denbora luzeegia emana du honezkero alferrik ordenagailuaren aurrean, baina kurtsore biluziak jarraitzen du pantailan jaun eta jabe, temati, etengabe keinuka.
Idazlearen emazteak ez daki bera ere idazlea dela, edo, hobe esanda, ez dio izaera hori aitortzen bere buruari, benetako sortzailea senarra delakoan baitago. Bera, asko jota, laguntzailea baino ez dela sentitzen du.
Besteak beste, horixe duelako lanbide: beste batzuek, bikotekideak barne, idatzitakoa gainbegiratu, orraztu eta zuzentzea, alegia. Senarraren kasuan, gainera, bizimodua errazten dion etxekoandre prestuarena ere egiten du, eguneroko zereginetatik salbuesten baitu, ez ezerk ez inork enbarazu egin ez diezaion eskribitzen aritzen den bitartean.
Gauzak horrela, amore eman eta dena pikutara bidaltzeko zorian dagoen Ismaeli, bere buru antzutik sortzen ez den testua azaltzen zaio begien aurrean, zehatz, dotore, borobil, nork eta bere emazteak berak idatzia, bere izenean argitaratzeko eskaintzarekin batera. Uko egingo al dio halako aukera paregabeari, hondoratuta dagoen zulo beltzetik atera lezakeen salbabideari?
Patriarkatuaren itzalak zeharkatzen du liburua alderik alde, gure bizitzetan eta egoera arruntenetan zenbaterainoko eragina duen agerian utziz. Olagarroak bere erroak nola, halaxe hedatzen baititu patriarkatuak bere atzaparrak, den-dena estali eta kutsatu arte.
Eleberri bizia eta sakona da Aitaren Etxea, gaurkotasunez eta egiazkotasunez betea. Oso ondo marraztuta daude pertsonaia guztiak eta idazleak bete-betean asmatu du haietako bakoitzari eman dion nortasunarekin, irakurleari ez zaizkiolako batere arrotzak egiten, ezagunak eta erabat sinesgarriak baizik.